2011-04-30

Urrutiko autobusa

Gezurra dirudi hainbeste denbora oporren zain pasa ondoren amaitzear direla. Ezinezkoa dirudi, baina egia da. Gaur, larunbata, gero eta gertuago nago asteleheneko goizeko 6:30etatik. Berriro rutinara itzultzetik. Zer egingo diogu ba!

Ordurarte, denbora aprobetxatu nahi dut. Bartzelonako jokalariekin argazkiak ateratzeko asmoz, Biarritzeko aireportura joan naiz goizean. Ja, inozoa ni! Hegazkina iritsi bezain pronto, autobusa pistara sartu eta taldeko jokalari nahiz agintariek, bi pauso solik eman behar izan dituzte ibilgailu berrira sartu eta Donostirako bidea hartzeko.
Jarraitzaile blaugranak, autobusari begira
Bitartean, han bildutako jarraitzaileak, oihu egiteari utzi gabe, euren jainkoek berrehun metrotara ihes nola egiten zuten begiratzen zuten, begirada bat, argazki bat edo hitz bat jasotzeko itxaropenak lurperatuz. Haien artean nengoen ni ere, eta goibeldurik itzuli naiz aireportu akitaniarretik, ez bainuen uste hainbesteko segurtasun neurriak hartuko zituztenik gehienbat haurrez osatutako jarraitzaileen artetik pasatzeko.

Polizien motorrek eskoltatuta pasatu da autobusa, ikusleen begiraden aurretik
Gutxienez, Donostiara bidean, jarraitzaileak kokatuta zeuden lekutik nahiko gertu pasatu da Bartzelonako izarren autobusa, eta argazki batzuetan atzeman daiteke tindatutako kristalen atzean nor ezkutatzen zen. Hala ere, ez zen inolaz ere espero nuena, gertutasun handiagoa erakutsiko zutelakoan bainengoen. Baina halakoa da futbola! 

Tindatutako kristalen atzean ikus daiteke Pep Guardiola entrenatzailea







Hurrengo batean izan beharko du! Behintzat, argazkia ez bada ere, Xavi Hernandez eta Lionel Messi ikustea lortu dut, eta ez da gutxi!


2011-04-28

Eta Cristiano?

Gaurkoan badirudi gai bakarra dagoela guztien ahotan: Bartzelonaren garaipena Real Madrilen aurrean eta, porrota ezin onartuz, Jose Mourinho entrenatzaileak eginiko adierazpenak. Portugaldarrak epaile guztiak Bartzelonaren alde daudela esan zuen partidu osteko prentsaurrekoan. Adierazpen gogor bezain faltsuak, nire uste apalean behintzat. Hau ikusita, UEFAk espediente bat zabaldu dio Mourinhori, eta Bartzelonak salaketa jarri dio zurien entrenatzaileari. 

Jose Mourinho, Real Madrileko entrenatzailea

Izan ere, mundu honetan badira galtzen oraindik ikasi ez dutenak, eta Mourinho da horietako bat. Ez du onartu nahi kataluniarren nagusitasuna (partidu guztian zehar baloiaren posesioa %71koa izan zen blaugranen alde), eta futbol onaren aurka atentatzen du behin eta berriz. Ikusi besterik ez dago azkenaldian erabiltzen duen taktika miserablea: talde guztia erdi kanpotik atzera kokatzen du, erasora joan barik, Bartzelonaren joku zoragarria ostiku eta bultzada bidez gelditzen saiatzeko. Penagarria, Real Madrilen tamainako talde batentzat.

Onartezina, bestalde, hainbat eta hainbat hedabidek euren interesen alde egiteko erabilitako manipulazioa. Ondoko argazki hau AS egunkariaren webgunean aurki zitekeen atzo, baina, titularra eta benetan gertatua bat ez etortzean, argazkia aldatzea erabaki zuten, zalantzak uxatzeko, edo.

as.com-en eginiko aldaketak





Kontuak kontu, atzokoan, askotan hala gertatzen ez bada ere, futbol onaren defendatzaileak izan ziren nagusi, eta partiduko heroiak izen-abizenak izan zituen: Lionel Messi. Oraindik ez dakit noiz utziko dion mutil gazte honek jendea harritzeari. Ni, bereziki, beti aho zabalik uzten nau. Bere bi golei esker, Bartzelona Wembley Stadiumetik gertuago dago orain, azkenekoz duela bi urte eskuratu zuen kopatik gertuago. Bitartean, non zen Cristiano Ronaldo? Batek daki, atzo zelaian omen zen, baina nik ez nuen ikusi.
Leo Messi, jokalari txiki handia
Sport egunkari kataluniarrekoek dioten bezala: Messi, eres el 'puto amo'!!




2011-04-26

Ari Koivunen, harribitxi finlandiarra


Harribitxi batekin egin dut topo. Ari Koivunen du izena 26 urteko finlandiar honek, eta bere jaioterrian 'Suomen Idols' (hemen 'Operación Triunfo' izenez ezagutzen duguna) lehiaketa irabazi zuen. Epaimahaiak, bere ahots gozo eta ederra gustoko zuen arren, beti heavy metala abesten zuela leporatzen zioten, eta horrela ezingo zuela aurrera egin. Entzulegoa, ordea, txundituta uzten zuen astero, eta Scorpions, Stratovarius, Led Zeppelin eta Sonata Arctica bezalako taldeen bertsioak eginez, garaipena eskuratzea lortu zuen.

Ari Koivunen abeslari finlandiarra
Sari gisa, bakarkako disko bat grabatzeko aukera eman zioten, 'Fuel for the Fire', Angels are Calling, Hear my Call eta Heartstealer bezalako kanta zoragarriekin. Bi urte beranduago, 2008an, 'Becoming' kaleratu zuen, bere bigarren lana, eta oso kritika onak jaso zituen Eskandinavian.

Egun Amoral taldeko abeslaria da. Hemen, death metal melodikoa lantzen dute, eta Ari-k askatasun osoz erakusten du bere ahotsaren boterea.

Ari Koivunen Amoralekin

Hona hemen Ari-k bakarka egindako kantu zoragarri batzuk:






Jarraitu beharreko artista, inongo dudarik gabe.

2011-04-25

Astelehena

Astelehena. Jai eguna. Aspermena. Esnatu orduko burura etortzen zaizkidan lehen hitzak dira gaurkoan. Lana besterik ez dut gaurko baina hiru hitz horiek gogobarik uzten naute, mugitzeko indarrak kentzen dizkidate. Gogaituta nauka publizitateko piezen bildumak. Gogaituta erreportajea egiteko informaziorik ez izateak. Amorru bizia ematen dit mezuak bidali eta erantzunik jaso gabe gelditzeak. Eta, tamalez, egunero gertatzen den zerbait bilakatu da nire bizitzan.
Children of Bodom finlandiarrak
Nire eguna alaitzeko modu bakarra musika piztu eta bolumen handiz entzutea dela dirudi. Musikak bizia ematen dio nire egun ilun eta aspergarriei. Ez dakit zer egingo nukeen musikarik gabe. Zuzeneko emanaldi bater joateko grinak ere aurrera ateratzen laguntzen dit sarri. Hurrengo geltokia: Maiatzak 8, Rockstar Live aretoa, Barakaldo. Machinae Supremacy, Ensiferum eta Children of Bodom. Urteak daramatzat azken hauek ikusteko asmoz, eta, dena ondo badoa, bi aste barru eurekin izango naiz burua astintzen.

Honela ikusita, ez da hain egun txarra gaurkoa.

Gaiztoak izan