2011-05-29

Bartzelonak Europa konkistatu zuen eguna

Atzo jokatu zen Champions Leagueko final handia Londresko Wembley futbol zelaian. Manchester Uniteden aurka neurtu zituen indarrak Bartzelonak, eta milaka pertsonen aurrean izugarrizko erakustaldia eman zuten Guardiolaren mutilek.  Espainiar ligako txapeldunek sufritu egin behar izan zuten partiduko lehen hamar minutuetan, talde ingelesa oso erasotzaile atera baitzen. Baina hortik aurrera, zelaiak jabe bakarra izan zuen. Kataluniarrek goitik bera menperatu zuten partidua. 

Leo Messi aurkarien artetik ihesi







Minutuak aurrera zihoazen, eta aukera ugari izan arren, golik ez zen iristen. 27. minutuan ordea, Xaviren pase zoragarri bat jaso zuen Pedrok area barruan, eta ez zuen aukera alferrik galdu Van Der Sar atezain holandarraren aurrean. Pozak ez zien asko iraun ordea Bartzelonako jokalariei, 33. minutuan Wayne Rooney agertu baitzen ongien egiten dakiena erakutsi asmoz. Banakoarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek.

Bigarren zatia hasi orduko, erasoari ekin zioten kataluniarrek, emaitz ezinhobeak lortuz: 53 minutu markatzen zituen erlojuak Messik, partiduko jokalari onena izendatu zutena amaieran,  ingelesen atea zulatu zuenean. Beti seriotasuna mantentzen duen Guardiolak ere ezin izan zion pozari eutsi, eta jauzika ospatu zuen munduko jokalari onenaren gola. Garaipena gero eta gertuago zeukaten blaugranek, baina ez ziren erlaxatu: amaierarako 20 minuturen faltan Villa agertu zen, areaz kanpotik egindako jaurtiketa zoragarri batekin, Bartzelonaren markagailura hirugarren gola igotzeko. 

Mascherano, garaipena ospatzen
Epaileak azken txistua jotzean eromena hasi zen talde kataluniarrean, eta ez da gutxiagorako: laugarren aldiz Europako onenak izatera iritsi dira, bigarrena Guardiolaren menpean (eta aurrez lortutako beste kopa bat entrenatzailea bera jokalari zenekoa da).
Euforiak ordea tartea utzi zion laguntasunari, eta Puyol kapitainak hala izendatzen zuen besokoa taldekide Eric Abidali utzi zion, honek kopa altxa zezan. Izan ere, frantziarra tumore baten ondorioz gaixorik egon da orain dela gutxi arte, eta taldera bueltatu izanak sekulako garrantzia izan du guztientzat. 

Bartzelonako jokalariak festa giroan

Jokuan izateaz gain, gizatasunean ere txapeldun Bartzelonako jokalariak. Zorionak culé guztiei!!

2011-05-24

Metalezko olatuetan murgilduta

Floridako Trivium laukotearen single berria filtratu da internet bidez. 10 hilabete inguru daramatzate estudioan sartuta, eta argazkiak eta sample batzuk soilik ikusi ahal izan ditugu denbora horretan guztian. Duela egun gutxi, ordea, In Waves izeneko abestia agertu zen Youtube eta hainbat sare sozialetan. 




Disko berriaren inguruan, 2005eko Ascendancyren antza izango duela iragarri du Matt Heafy taldeko liderrak, eta abuztuaren 9an kaleratzea espero dute, Roadrunner Records disketxearen eskutik. Metalcore talde amerikarraren lehen diskoa izango da Nick Augusto bateriajole berriarekin. Ekoizpena eta nahasketa aurrez Machine Head, Bullet for my Valentine, Slipknot edota Fear Factoryrekin eginiko lanengatik ezaguna den Colin Richardsonen esku utzi du laukoteak.



Kantu berririk ez dute kaleratu Gods of War III bideojokorako sortutako Shattering the Skies Above indartsutik, eta azkenekoz estreinatu zuten abestia Sepultura brasildarren Slave New Worlden bertsioa izan zen. Disko berriari dagokionez, oraindik ez diote izenbururik jarri, ezta azalik ere, baina, aurrekariak ikusita, gogoa ez zaigu falta Matt Heafy eta konpainiaren lan berria entzuteko!

(Informazio gehiago nahi izanez gero, sartu euren webgunean! www.trivium.org/'T')

2011-05-18

(Di)Bertsioak

Xelebreak. Harrigarriak. Barregarriak. Ez, ez naiz Lady Gagaren jarraitzaileez ari, abestien bertsioez baizik! Ezagutzen ditugun talde gehienak beste formazioen bertsioak egiten hasi ziren musikaren munduan, horrek ekar ditzakeen ondorio, askotan, penagarriekin. Izan ere, askok generoz edo estiloz aldatzeko erabiltzen dituzte bertsioak, eta guztiz desberdinak diren artisten abestiak birsortzen dituzte, ongi pasatzeko, edo. Hemen adibide bat:



Eta beste bat:

 


Beste hainbat taldek, aldiz, euren abesti gogokoenak hartzen dituzte, ukitu pertsonalago bat eman asmoz. Honelako milaka kasu aurki ditzakegu, baina hemen onenek bakarrik dute txokoa; nire ustez, honako hauek dira onenetako batzuk:










Eta nola amaitu sarrera hau bertsio edo cover txarrenei tarterik utzi gabe? Horiek ere merezi dute bere tartea hemen (ahal bada, laburra). Ea abesti 'zoragarri'  hauek osorik entzuteko gai zareten!




Zuen ustez, zein dira inoiz egin diren  bertsiorik onenak? Eta txarrenak?


2011-05-11

Eskandinaviarrak garaile

Maiatzak 8. Igandea. Arratsaldeko ordubiak. Hogei gazte inguru Barakaldoko Mega Park merkatal guneko lurrean eserita. Zergatia? Guztiak euren metal dosia jasotzeko asmoz gerturatu ziren Rockstar Live aretora, bertan izan baitziren Machinae Supremacy, Ensiferum eta Children Of Bodom eskandinaviarrak. Hondartzara joateko moduko eguraldia egon arren, jende ugarik erabaki zuen eguna Barakaldoko lur hotzean eserita pasatzea, euren idoloak ahalik eta gertuen ikusi ahal izateko. 
Rockstar Live aretoa, Barakaldo

Izan ere, ikusmin handia sortu zuen Children Of Bodomen etorrerak, eta inork ez zuen galdu nahi Alexi Laiho eta bereak gertutik ikusteko aukera. Egun osoan zehar Rockstar atarian pilatutakoen artean nabaria zen finlandiarren musikaz gozatzeko zuten gogoa, eta taldearen kamisetak, banderak, kartelak eta abar ikus zitezkeen. Euren herritar Ensiferumek ere zale ugari biltzea lortu zuen, Petri Lindroos eta bereak bezala, aurpegian arrasto beltzak margotuta baitzebilen gazte mordoxka.

Petri Lindroosen (Ensiferum) sinadura besoan hartuta

Arratsaldeko zazpietan ziren irekitzekoak aretoko ateak, baina hogei bat minutuko atzerapenarekin hasi zen jendea bertara sartzen, ohi bezala. Rockstar aretora sartu eta (berriro) itxaroten egon ostean, Machinae Supremacy suediarrak izan ziren lehenak taulara igotzen. Euren 'bideojoko metal'-a joaz, laster lortu zuten entzulegoa saltoka jartzea, nahiz eta oso ezagunak ez izan. Through the looking glass kañeroarekin agurtu zuten bertako audientzia, eta itxura ona emanda utzi zuten taula.

Robert 'Gaz' Stjärnström, Machinae Supremacyko abeslaria

Azkar aldatu zituzten teknikariek eszenatokiko tresnak, eta agertu ziren Ensiferum finlandiarrak. Euren ohiko gerra pinturekin, entzulegoa erabat erotzea lortu zuten Token of Time, Twilight Tavern eta From Afar bezalako doinuekin. Sami Hinkka izan zen taldeko animatuena, zazpi sokadun baxua jotzeaz gain, eszenatokia alde batetik bestera korrika igaroz pasa baitzuen emanaldi osoa. Petri Lindroos abeslari eta gitarristak ere lan txukuna egin zuen taula gainean, eta argi utzi zuten maila izugarriko taldea direla. Ohi bezala, Ironekin eman zioten amaiera euren emanaldiari, entzulegoa eurekin batera Ta tarará, ta tarará! abestera gonbidatuz. Kontzertu bikaina bost borrokalari finlandiar hauen eskutik.

Petri Lindroos (Ensiferum)
Petri Lindroos eta Sami Hinkka (Ensiferum)















Orduak aurrera joan ahala, gero eta gogo handiagoak zituen jendeak Laiho jauna eta bere taldea ikusteko. Soinu teknikarien entseguak amaiezinak iruditu zitzaizkion bati baino gehiagori. Baina laster itzali ziren argiak, eta fokoak pizten hasi ahala, Children Of Bodomeko taldekideak eszenatokiaren jaun eta jabe egin ziren. Relentless, Reckless Forever disko berriko Not my funeral abestiak eman zion hasiera ordu eta erdiko kontzertu apokaliptikoari. Euforia ohiuen artean agertu zen Laiho jauna, behin baino gehiagotan munduko gitarrajolerik onena izendatutako gizona. Eta garbi utzi zuen izendapen horien zergatia. Beste inork baino hobeto menperatzen ditu sei sokak, eta sekulako erakustaldia eman zuen. Beste behin, taldeko baxujolea izan zen animatuena, Henkka. Ez zen gelditu ere egin kontzertu osoan zehar. Alexi Laihok eta Roope Latvalak (bigarren gitarra), aldiz, ez zuten mugimendu handirik erakutsi, lehenak batez ere; bozgorailuz inguratuta igaro zuen emanaldi osoa, bere postutik bi pausu baino gehiago mugitu gabe.

Alexi Wildchild Laiho (COB)

Noizean behin Janne Wirman teklatuari bisitatxo bat egiten zion arren, asko eta asko ziren mugimendu falta sumatzen zutenak taldeko liderraren partetik. Kontuak kontu, Needled 24/7, Follow the Reaper, In Your Face eta Children Of Bodom abestiekin poltsikoan sartu zuten entzulegoa. Amaiera, Was it Worth it? azken singlea, Everytime I Die eta Hate Crew Deathroll abestiek markatu zuten, eta txalo zaparrada izugarri batekin agurtu zen boskote finlandiarra.

Alexi Laiho eta Janne Wirman (COB)

Henkka Seppälä (COB)


Guztia amaitzean, aretoaren kanpoaldean zeuden Machinae Supremacy eta Ensiferum taldeetako kideak, jarraitzaileekin argazkiak atera eta oroigarriak sinatzen. Izan ere, gau handia izan zen bertaratutako metalzale guztientzat. Ahaztezina.

Machinae Supremacyren konpainian

baita Petri Lindroosekin ere

 (Argazkiak: nireak / rafabasa.com)

P.D.: Eskerrik beroenak Alvaro Martini argazkiak uzteagatik (edo lapurreta onartzeagatik jeje) eta zuzentzaile lanengatik, asko matte zaitut!! ^^

2011-05-04

Azterketak, kontzertuak eta gauz abstraktuak

Hasi dira gerturatzen azterketak... eta ni oraindik hodeietan...!!!
Maiatza oso gogorra egingo zaidalakoan nago, eta nire usteak betetzen hastear dira... bihar bertan azterketa bat...
Hainbeste neke gainetik kentzeko, ordea, zer hobe kontzertu bat baino? Eta a zer nolako kontzertua, bat gutxi balitz, hiru!!



Igandea egun handia izango da, dudarik gabe =)



Gaiztoak izan!