2011-05-29

Bartzelonak Europa konkistatu zuen eguna

Atzo jokatu zen Champions Leagueko final handia Londresko Wembley futbol zelaian. Manchester Uniteden aurka neurtu zituen indarrak Bartzelonak, eta milaka pertsonen aurrean izugarrizko erakustaldia eman zuten Guardiolaren mutilek.  Espainiar ligako txapeldunek sufritu egin behar izan zuten partiduko lehen hamar minutuetan, talde ingelesa oso erasotzaile atera baitzen. Baina hortik aurrera, zelaiak jabe bakarra izan zuen. Kataluniarrek goitik bera menperatu zuten partidua. 

Leo Messi aurkarien artetik ihesi







Minutuak aurrera zihoazen, eta aukera ugari izan arren, golik ez zen iristen. 27. minutuan ordea, Xaviren pase zoragarri bat jaso zuen Pedrok area barruan, eta ez zuen aukera alferrik galdu Van Der Sar atezain holandarraren aurrean. Pozak ez zien asko iraun ordea Bartzelonako jokalariei, 33. minutuan Wayne Rooney agertu baitzen ongien egiten dakiena erakutsi asmoz. Banakoarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek.

Bigarren zatia hasi orduko, erasoari ekin zioten kataluniarrek, emaitz ezinhobeak lortuz: 53 minutu markatzen zituen erlojuak Messik, partiduko jokalari onena izendatu zutena amaieran,  ingelesen atea zulatu zuenean. Beti seriotasuna mantentzen duen Guardiolak ere ezin izan zion pozari eutsi, eta jauzika ospatu zuen munduko jokalari onenaren gola. Garaipena gero eta gertuago zeukaten blaugranek, baina ez ziren erlaxatu: amaierarako 20 minuturen faltan Villa agertu zen, areaz kanpotik egindako jaurtiketa zoragarri batekin, Bartzelonaren markagailura hirugarren gola igotzeko. 

Mascherano, garaipena ospatzen
Epaileak azken txistua jotzean eromena hasi zen talde kataluniarrean, eta ez da gutxiagorako: laugarren aldiz Europako onenak izatera iritsi dira, bigarrena Guardiolaren menpean (eta aurrez lortutako beste kopa bat entrenatzailea bera jokalari zenekoa da).
Euforiak ordea tartea utzi zion laguntasunari, eta Puyol kapitainak hala izendatzen zuen besokoa taldekide Eric Abidali utzi zion, honek kopa altxa zezan. Izan ere, frantziarra tumore baten ondorioz gaixorik egon da orain dela gutxi arte, eta taldera bueltatu izanak sekulako garrantzia izan du guztientzat. 

Bartzelonako jokalariak festa giroan

Jokuan izateaz gain, gizatasunean ere txapeldun Bartzelonako jokalariak. Zorionak culé guztiei!!

No hay comentarios:

Publicar un comentario