2011-05-11

Eskandinaviarrak garaile

Maiatzak 8. Igandea. Arratsaldeko ordubiak. Hogei gazte inguru Barakaldoko Mega Park merkatal guneko lurrean eserita. Zergatia? Guztiak euren metal dosia jasotzeko asmoz gerturatu ziren Rockstar Live aretora, bertan izan baitziren Machinae Supremacy, Ensiferum eta Children Of Bodom eskandinaviarrak. Hondartzara joateko moduko eguraldia egon arren, jende ugarik erabaki zuen eguna Barakaldoko lur hotzean eserita pasatzea, euren idoloak ahalik eta gertuen ikusi ahal izateko. 
Rockstar Live aretoa, Barakaldo

Izan ere, ikusmin handia sortu zuen Children Of Bodomen etorrerak, eta inork ez zuen galdu nahi Alexi Laiho eta bereak gertutik ikusteko aukera. Egun osoan zehar Rockstar atarian pilatutakoen artean nabaria zen finlandiarren musikaz gozatzeko zuten gogoa, eta taldearen kamisetak, banderak, kartelak eta abar ikus zitezkeen. Euren herritar Ensiferumek ere zale ugari biltzea lortu zuen, Petri Lindroos eta bereak bezala, aurpegian arrasto beltzak margotuta baitzebilen gazte mordoxka.

Petri Lindroosen (Ensiferum) sinadura besoan hartuta

Arratsaldeko zazpietan ziren irekitzekoak aretoko ateak, baina hogei bat minutuko atzerapenarekin hasi zen jendea bertara sartzen, ohi bezala. Rockstar aretora sartu eta (berriro) itxaroten egon ostean, Machinae Supremacy suediarrak izan ziren lehenak taulara igotzen. Euren 'bideojoko metal'-a joaz, laster lortu zuten entzulegoa saltoka jartzea, nahiz eta oso ezagunak ez izan. Through the looking glass kañeroarekin agurtu zuten bertako audientzia, eta itxura ona emanda utzi zuten taula.

Robert 'Gaz' Stjärnström, Machinae Supremacyko abeslaria

Azkar aldatu zituzten teknikariek eszenatokiko tresnak, eta agertu ziren Ensiferum finlandiarrak. Euren ohiko gerra pinturekin, entzulegoa erabat erotzea lortu zuten Token of Time, Twilight Tavern eta From Afar bezalako doinuekin. Sami Hinkka izan zen taldeko animatuena, zazpi sokadun baxua jotzeaz gain, eszenatokia alde batetik bestera korrika igaroz pasa baitzuen emanaldi osoa. Petri Lindroos abeslari eta gitarristak ere lan txukuna egin zuen taula gainean, eta argi utzi zuten maila izugarriko taldea direla. Ohi bezala, Ironekin eman zioten amaiera euren emanaldiari, entzulegoa eurekin batera Ta tarará, ta tarará! abestera gonbidatuz. Kontzertu bikaina bost borrokalari finlandiar hauen eskutik.

Petri Lindroos (Ensiferum)
Petri Lindroos eta Sami Hinkka (Ensiferum)















Orduak aurrera joan ahala, gero eta gogo handiagoak zituen jendeak Laiho jauna eta bere taldea ikusteko. Soinu teknikarien entseguak amaiezinak iruditu zitzaizkion bati baino gehiagori. Baina laster itzali ziren argiak, eta fokoak pizten hasi ahala, Children Of Bodomeko taldekideak eszenatokiaren jaun eta jabe egin ziren. Relentless, Reckless Forever disko berriko Not my funeral abestiak eman zion hasiera ordu eta erdiko kontzertu apokaliptikoari. Euforia ohiuen artean agertu zen Laiho jauna, behin baino gehiagotan munduko gitarrajolerik onena izendatutako gizona. Eta garbi utzi zuen izendapen horien zergatia. Beste inork baino hobeto menperatzen ditu sei sokak, eta sekulako erakustaldia eman zuen. Beste behin, taldeko baxujolea izan zen animatuena, Henkka. Ez zen gelditu ere egin kontzertu osoan zehar. Alexi Laihok eta Roope Latvalak (bigarren gitarra), aldiz, ez zuten mugimendu handirik erakutsi, lehenak batez ere; bozgorailuz inguratuta igaro zuen emanaldi osoa, bere postutik bi pausu baino gehiago mugitu gabe.

Alexi Wildchild Laiho (COB)

Noizean behin Janne Wirman teklatuari bisitatxo bat egiten zion arren, asko eta asko ziren mugimendu falta sumatzen zutenak taldeko liderraren partetik. Kontuak kontu, Needled 24/7, Follow the Reaper, In Your Face eta Children Of Bodom abestiekin poltsikoan sartu zuten entzulegoa. Amaiera, Was it Worth it? azken singlea, Everytime I Die eta Hate Crew Deathroll abestiek markatu zuten, eta txalo zaparrada izugarri batekin agurtu zen boskote finlandiarra.

Alexi Laiho eta Janne Wirman (COB)

Henkka Seppälä (COB)


Guztia amaitzean, aretoaren kanpoaldean zeuden Machinae Supremacy eta Ensiferum taldeetako kideak, jarraitzaileekin argazkiak atera eta oroigarriak sinatzen. Izan ere, gau handia izan zen bertaratutako metalzale guztientzat. Ahaztezina.

Machinae Supremacyren konpainian

baita Petri Lindroosekin ere

 (Argazkiak: nireak / rafabasa.com)

P.D.: Eskerrik beroenak Alvaro Martini argazkiak uzteagatik (edo lapurreta onartzeagatik jeje) eta zuzentzaile lanengatik, asko matte zaitut!! ^^

No hay comentarios:

Publicar un comentario