2011-05-24

Metalezko olatuetan murgilduta

Floridako Trivium laukotearen single berria filtratu da internet bidez. 10 hilabete inguru daramatzate estudioan sartuta, eta argazkiak eta sample batzuk soilik ikusi ahal izan ditugu denbora horretan guztian. Duela egun gutxi, ordea, In Waves izeneko abestia agertu zen Youtube eta hainbat sare sozialetan. 




Disko berriaren inguruan, 2005eko Ascendancyren antza izango duela iragarri du Matt Heafy taldeko liderrak, eta abuztuaren 9an kaleratzea espero dute, Roadrunner Records disketxearen eskutik. Metalcore talde amerikarraren lehen diskoa izango da Nick Augusto bateriajole berriarekin. Ekoizpena eta nahasketa aurrez Machine Head, Bullet for my Valentine, Slipknot edota Fear Factoryrekin eginiko lanengatik ezaguna den Colin Richardsonen esku utzi du laukoteak.



Kantu berririk ez dute kaleratu Gods of War III bideojokorako sortutako Shattering the Skies Above indartsutik, eta azkenekoz estreinatu zuten abestia Sepultura brasildarren Slave New Worlden bertsioa izan zen. Disko berriari dagokionez, oraindik ez diote izenbururik jarri, ezta azalik ere, baina, aurrekariak ikusita, gogoa ez zaigu falta Matt Heafy eta konpainiaren lan berria entzuteko!

(Informazio gehiago nahi izanez gero, sartu euren webgunean! www.trivium.org/'T')

No hay comentarios:

Publicar un comentario