2011-12-12

7 urte Dimebag gabe

Abenduaren 8an "Dimebag" Darrell Abott-en hilketaren zazpigarren urteurrena bete zen. Pantera eta Damageplan taldeetako gitarrajole famatua Columbuseko klub batean, Ohion, kontzertu bat ematen ari zen Damageplanekin, Nathan Gale izeneko gazte batek tirokatu zuenean.




Guztira 15 aldiz eragin zion pistolari, eta Dimebagez gain, beste hiru pertsona ere hil ziren tiroketan: 23 urteko ikusle bat, klubeko langile bat eta taldeko segurtasun goardia. Bateriaren teknikariak eta taldeko managerrak zauri arinak jasan zituzten. Teknikaria, John Brooks, bahitu gisa hartu zuen Galek, baina Columbuseko agente batek bahitzailearen bizitzari amaiera eman zion tiro batez.

Tiroketaren ostean, kontzertuko ikusleak Dimebag salbatzen saiatu ziren, medikuak iritsi bitartean bihotzean masajeak emanez, baina ahalegin guztiak alferrikakoak izan ziren, ordurako Darrell Abott hilda baitzegoen.
Nathan Gale, Dimebagen hiltzailea

Poliziaren ikerketen arabera, Nathan Galek eskizofrenia zantzuak zituen, eta paranoiak jasaten zituen sarritan. Erasotzailearen familiak aitortu duenez, Pantera taldearen zale amorratua zen aspalditik, baina taldeak bere pentsamenduak irakurri eta ideiak lapurtzen zizkiola esaten hasi zen.  Honek, taldeko kideenganako, eta bereziki Dimebag Darrellenganako gorrotoa piztu zuen gaztearengan. Hori zela eta, Pantera eta Damageplanen kontzertu bat baino gehiago boikoteatzen saiatu zen, Dimebag hiltzera iritsi arte.

"Dimebag" Darell Abott, lehenago "Diamond Darrell" gisa ezagunagoa, 1966an jaio zen Texasen, eta izugarrizko oihartzuna du oraindik ere metalaren munduan. Bere izena munduko gitarrajolerik onenen artean ikusi dezakegu beti, eta talde ugarik eskaini dizkio abestiak, besteak beste, Machine Headek ("Aesthetics of Hate"), Nickelbackek ("Side of a Bullet") eta Black Label Societyk ("In This River"). Panteraren abestiak ere mila bider bertsionatuak izan dira Dimebag handiaren omenez, eta diskoak ere eskaini izan zaizkio gitarrajole estatubatuarrari. Bitxikeria gisa, Download jaialdi ingeleseko 3 eszenatokietako batek bere izena darama 2007tik, eta Guitar Hero II bideojoko famatuan, bere janzkera eta estilo berbera daraman pertsonaia bat ikus dezakegu.


Dimebagen lanak ezagutzen ez dituzuenontzat, hemen dituzue hiru harribitxi. Eta ezagutzen dituzuenontzat, aldiz, jarrai ezazue sei soken maisu honen lanez gozatzen!

 
Cemetery Gates, Panteraren 'Cowboys from Hell' (1990) diskotik.

Domination, Panteraren abestirik famatuenetakoa, 'Cowboys from Hell' (1990) diskokoa.

Reborn, Damageplanen 'New Found Power' (2004) diskotik, Zakk Wylde gitarrajole, abesle eta Dimebagen lagun minaren kolaborazioarekin.

2 comentarios:

  1. 10 urte iteienin Chuckena bezelako tributo bat in berko deu! ^^

    ResponderEliminar
  2. Obviously =) merezi du behintzet!

    ResponderEliminar