2011-12-28

Agur musikatua 2011ri

Urtea ia amaitu dugun honetan, alde guztietan, txoko guztietan, igaro berri zaizkigun 12 hilabete hauek emandakoa errepasatzeari ekiten zaio. Mota guztietako zerrendak ikus ditzakegu han eta hemen: urteko momenturik lotsagarrienak, pertsonaia ederrenak, albisterik garrantzitsuenak...


Nik ere 2011 honek emandakoari berrikuspen bat egin nahi izan diot. Ez, ez ditut urteko politikari itsusienak bildu, ezta YouTubeko katuen bideorik xarmangarrienak ere. Jarraian erakutsiko dizkizuetenak, aurten kaleratu direnetatik, niri gehien gustatu zaizkidan diskoak dira. CD ugarik ikusi dute argia 2011n; batzuk onak, beste batzuk ez hainbeste... Honakoak dira nire ustez, aurtengo 10 lanik aipagarrienak (ordenak ez du esan nahi bata bestea baino hobea denik, hori zuen esku uzten dut ;)): 

  • TurisasStand up and Fight: gerlari finlandiarren hirugarren lana da Stand up and Fight, eta 'The March of the Varangian Guard' bezalako abesti epikoekin beste dimentsio batera eramaten gaituzte Warlord Nygard eta bere taldekideek.

  • Machine HeadUnto the Locust: Robb Flynnen taldeak 'The Blackening'-i jarraipen ezinhobea eman dio 'Unto the Locust'-ekin. 8 minutuko 'I am Hell'ek irekitzen du diskoa, eta hortxe bertan hasten da gozamena.

  • AmarantheAmaranthe: talde suediar-danimarkarraren estreinako diskoa dugu hau, baina metalaren mundua hankaz gora jarri du, batez ere euren jatorriko lurraldeetan. Abestirik aipagarrienak, 'Hunger', 'Call Out My Name' eta 'Amaranthine' ditugu. 

  • Trivium – In Waves: disko hau noiz kaleratuko irrikitan nengoen grabaketa anuntziatu zuten egunetik, eta azken emaitzak ez dit inola ere huts egin. Matt Heafyren taldeak CD potentea kaleratu du, 'Built to Fall', 'In Waves' bera eta 'Caustic are the Ties that Bind' bezalako abesti puskekin. 

  • TyrThe Lay of Thrym: Feroe uharteetako vikingoen itzulerak 'power' ukituak ekarri dizkigu aurtengoan. Diskoaren izen bereko kortea dugu lanik onenetakoa, 'Take Your Tyrant' singlea eta Black Sabbathen 'I' coverra ere nabarmentzen direlarik.

  • Su Ta GarAmetsak pilatzen: Eibarko heavyek ez dute atsedenik hartzen, eta euren ibilbide arrakastatsua luzatzen jarraitzen dute, eta zer nolako lanekin, gainera! 'Norbera Bere Ametsen Jabe' kortearekin aurkeztu digute lan berria, eta 'Zain, Zure Zain' baladarekin berehala eurenganatu dituzte entzule zahar nahiz gazteak. 

  • NightwishImaginaerum: izugarri itxarondako diskoa izan da hau niretzat, Triviumen berria bezala, eta kasu honetan ere, ez didate hutsik egin finlandiarrek. Sekula baino hobeto ikusten dut Anette Olzon Nightwishen buru gisa, eta Dark Passion Play baino lan hobea dela esango nuke. 'Storytime' singlea eta 'Ghost River' iruiditzen zaizkit korterik potente eta onenak. 

  • Children of Bodom Relentless Reckless Forever: 'Blooddrunk' deskafeinatua eta gero, beldurra ematen zidan disko honetan zer aurkituko ote nuen pentsatzeak. Zorionez, disko oso on baten aurrean aurkitu naiz 'Relentless Reckless Forever'ekin, eta zuzenean oso ongi funtzionatzen duten abestiz betetako albuma dela esan dezaket. 'Shovel Knockout' eta 'Not My Funeral' bezalako kantuak goraipatuko nituzke lan honetatik. 

  • Amon AmarthSurtur Rising: Vikingo suediarren diskoak bere aurreko lanen linea berbera jarraitzen du, mitologian oinarritutako abesti zuzen eta potenteekin. 'War of the Gods' eta 'Destroyer of The Universe' dira, nire ustez, korterik onenetakoak, baina orokorrean oso disko gustagarria kaleratu dute Johan Hegg eta bere mutilek.

  • Arch EnemyKhaos Legions: Angela Gossow sekula baino hobeto dagoela iruditu zait suediarren lan berrian. 'Yesterday is Dead and Gone' singlearekin aurkeztu dute diskoa, eta 'Bloodstained Cross' bezalako abesti puskekin jarraitu dute disko zoragarri hau ezagutara eramateko lanetan. Urteko lanik onenetakoa, ezbairik gabe!

Eta zuen ustez, zein dira urteko lanik onenak? Eta zein txarrenak? Komentaidazue!

No hay comentarios:

Publicar un comentario