2011-12-22

Aurpegi politak metalean

Mutilen txanda iritsi da. Aurreko sarreran metalaren munduko emakumerik ederrenak erakutsi nizkizuen, eta oraingoan, eta aurrekoan bezala, nire uste eta iritzietan oinarrituta, generoko gizonik itxurosoenak ekartzen saiatuko naiz. Honakoak dituzue! (Klikatu argazkietan handiago ikusteko)



  • Mathias Nygård: Warlord izenez ere ezaguna, Turisas talde finlandiarreko abeslari eta konpositorea da. Lehenago Cadacross taldeko teklista ere izandakoa da, eta Turisasekin aurpegia gorriz eta marra beltzez margotuta ikus dezakegu kontzertuetan. Bere abestien hitzetan atzeman daitekeenez, historiari buruzko jakintza zabala du Warlordek, baina seriotasunak aparte, gizon alaia dugu, edozein momentutan  dantza xelebreak egitera ere ausartzen baita. Boney M taldearen Rasputin abestiaren bertsio bat egitera ere ausartu zen Turisasekin. Bere izaerari eta jakintzari buruz gehiago ikus dezakegu A Finnish Summer with Turisas DVDan, baita kontzertuetan nola moldatzen den ere.

  • Matt Tuck: Bullet for My Valentine talde galestarreko abeslari eta gitarrajolea da, eta 31 urte ditu. 12 zituela erabaki zuen gitarra jotzen hastea, Metallicaren 'Enter Sandman' abestiak txundituta utzi baitzuen. Hasieran talde famatuen bertsioak egiten hasi zen, Metallica bera eta Nirvana kasu, eta geroago Bullet For My Valentine sortu eta bere abestiak sortzen hasi zen. 2006 eta 2007 bitartean arazo ugari izan zituen eztarriarekin, ebakuntzak barne, eta tarte horretan pasatako sufrimenduan oinarrituta idatzi zituen Scream Aim Fire, bigarren diskoko abestiak.

  • Alexi Laiho: Children of Bodom talde finlandiarreko burua dugu. Estilo honetako zerrenda ia guztietan ikus dezakegu gizon hau, eta bere jarraitzaileen artean emakume ugari aurkitzen dira. 32 urteko finlandiar txikiak Kylähullut izeneko ("herriko inozoak", literalki) punk talde batean parte hartzen du, eta munduko gitarrajole onenetariko bat dugu. Famatuak dira, era berean, Children of Bodomeko Janne Wirman teklistaren bikotea delaren zurrumurruak, eta muxukatzen agertzen diren argazki eta bideoak sareko edozein txokotan aurki daitezke. Bitxikeria gisa, bere kolore gustokoena arroxa da, eta kolore horretako zintekin itsasten dizkiote set-listak kontzertuetan. Gainera, bere gitarrak apaintzeko ere kolore hori erabili ohi du.


  • Henkka Seppälä: Children of Bodomeko taldekidea hau ere, 31 urte ditu eta baxua jotzen du. Henkka T. Blacksmith bezala ere ezaguna da, bere abizenaren itzulpena hala baita. 11 urterekin hasi zen gitarra jotzen, baina urte batzuk geroago, baxua jotzen hastea erabaki zuen. Horretaz gain, Zientzia eta Historia Politikoan lizentziatzen ari da Helsinkiko unibertsitatean, eta 5 hizkuntza menderatzen ditu. Hori dela eta, Alexirekin batera, elkarrizketa gehien eskaintzen dituen taldekidea da.

  • Juha Kylmänen: metal gotikoa egiten iaioa da 30 urteko finlandiarra. Reflexion eta ...For My Pain taldeetako abeslaria da, eta Eternal Tears of Sorrow eta To/Die/For taldeekin elkarlanean ere aritu izan da. Soinu injeniaritza eta produkzioa ikasia da, eta gitarra eta bateria jotzen ere badaki. Bitxikeria gisa, Juhak adierazi du gidatzea ez zaiola gehiegi gustatzen, eta asko haserrarazten dutela auto-ilarek eta bide txarrek; beraz, gidatzean bere onetik gehiegi ez ateratzeko, musika klasikoa entzutea gustoko omen du.

  • Heri Joensen: Feroe irletatik dator Tyr talde vikingoko abeslaria eta gitarrajolea. Heri ilehoriak 1998an sortu zuen  Týr, mitologia nordikoko gerraren jainkoaren omenez, eta doinu vikingoak dira oraindik ere nagusi bere taldean. Zuzenekoetan eramaten dituen arropak ere eskandinaviako gerlarien estilokoak izan ohi dira, baina ez zaio axola zuzenean stripteaseak egitea. 6 urteko haur baten aita da, eta nola ez, semeari izena jartzeko ere mitologian oinarritu zen; izan ere, Torúr du izena mutikoak, Thor Feroe irletako hizkuntzan.

  • Ville Valo: finlandiarrekin jarraituz (bai, Finlandia aurpegi politen fabrika bat da, antza denez), zerrenda honetan ezin zait falta His Infernal Majesty taldeko buru eta Daniel Lioneyeko bateria. 35 urteko abeslariak tatuaje ugari ditu gorputzean zehar, tartean, berak asmatu eta HIM taldeko sinbolo den Heartagram ezaguna. Honek, Valoren hitzetan, maitasuna eta heriotza sinbolitzatzen ditu, bere abestien hitzek bezala. Musikari ugarirekin aritu da elkarlanean, besteak beste, Apocalypticarekin, Bittersweet abestian, The 69 Eyesekin, Devils kantuan, eta Natalie Avelonekin, Summerwinen.

  • Mathias Lillmåns: 29 urteko finlandiarrak generoko ilerik ikusgarrienetakoa duela esan dezaket. Vreth ezizenez ere ezaguna, Finntroll folk taldeko abeslaria da 2006. urtetik, eta baxua jotzen du Chthonian eta Twilight Moon taldeetan. DecomposteR izeneko death metal talde bateko partaide ere bada, ahotsa eta baxua jarriz. Aurpegian hasi eta sabeleraino iristen zaion marra beltz bat margotuta ateratzen da eszenara Finntrollekin, eta taldeko partaideak finlandiarrak diren arren, suediarrez abesten dute. Hala ere, bada Vrethek trollen hizkuntza menperatzen duela uste duenik.

  • Petri Lindroos: egun Ensiferum folk/viking taldeko abeslari eta gitarrajole, Norther taldearen sortzailea dugu, nahiz eta orain ez duen bertan parte hartzen; izan ere, Jari Mäenpääk Ensiferum uztean, bere ordezko gisa sartu zen taldean, eta ez zitzaionez denbora gehiegi gelditzen Northerri eskaintzeko, beste taldekideek bandatik kanporatzea erabaki zuten 2009an. Ez zitzaion lan erraza suertatu, Mäenpää ordezkatzea oso zaila baita, baina bikain moldatu da giro vikingoetara, Victory Songs eta From Afar diskoetan erakutsi duen moduan. Gonak jaztera ere ohitu da finlandiarra, baita motzenak ere!

  • Emppu Vuorinen: zerrendako azkena, baina ez horregatik itsusiena, Nightwish taldeko gitarrajolea dugu. Metal sinfonikoa jotzen duen finlandiar (sorpresa!) honek mutil txiki ospea du, eta ez da gutxiagorako, 1,65 soilik neurtzen baitu! Hala ere, altueragatik baino famatuagoa da sei sokekin duen abileziagatik. Nightwishekin solo azkar eta bihurriak jotzen ditu, baita zuzenekoetan ere. Talde horretaz gain, Almah, Barilari, Brother Firetribe eta Darkwoods My Betrotheden ere aritu da lanean, eta beste hainbatekin elkarlanean. Aste gutxiren buruan, 'Imaginaerum', bere talde nagusiaren azken diskoari lagunduko dion filma estreinatuko dute, eta bertan ikusiko dugu Emppu aktore lanak burutzen. Ea musika jotzen bezain ona den!

Eta zuek, zein duzue gustokoen? Hauetatik, nor aukeratuko zenukete? Eta nor gehituko zenukete zerrendara? Komentatu zuen gustuak!



No hay comentarios:

Publicar un comentario