2011-12-13

Back From The Death



Abenduaren 10ean Bilborock Death talde amerikarraren zalez bete zen. Izan ere, Chuck Schuldiner, taldeko abeslari, gitarrajole eta konpisitorea hil zela 10. urteurrena bete da aurten, eta metalaren munduko artista ugari bildu ziren amerikarra omentzeko Metal for the Crew elkarteak antolatutako festan.



Charles Michael Schuldiner New Yorken jaio zen 1967ko maiatzean. Slayerren bertsio batzukin eman zituen lehen pausuak, Death taldea sortu zuen arte. Hauek death metalaren aitzindari, aitatzat hartzen dira, 1987an Scream Bloody Gore diskoa kaleratu zutenetik. 
1999ko maiatzean, tumore bat atzeman zioten lepagainean, eta handik gutxira, bere urtebetetze egunean, hain zuzen, minbizia zuela jakinarazi zioten. Kirurgia ugariren ostean, bazirudien gaixotasun latz honi aurrea hartu ziola Schuldinerrek, eta Deathekin arrakasta izaten jarraitzen zuen bien bitartean. Baina 2001ean, minbiziak berriro eraso egin zion, eta osasun segurorik ez zuela eta, Schuldinerri kirurgiarik ez egitea erabaki zuten mediku estatubatuarrekOperatzeko zailtasunak medio, konponbide bila, vincristina izeneko droga esperimentalak hartzen hasi zen Deatheko burua, baina hauek bere osasunari kalte besterik ez zioten egin. 2001eko abenduaren 12an, neumoniak jota hil zen Chuck Schuldiner, 34 urte zituela.

Istorio triste honen atzean ezkutatzen zen artista paregabea omentzeko, aipatu bezala, jaialditxo polita ospatu zen Bilborocken. Back from the Death izenpean, Clockwork eta Odd Heathenish taldeek eta estatu mailako hainbat artistak euren omenalditxoa eskaini nahi izan zioten Chuck Schuldinerri. Eta jendearen erantzuna ez zen nolanahikoa izan. Jende ugari bertaratu zen metal jaialdira, musika paregabeaz gozatzera.

Eszenatokia zapaltzen lehenak Odd Heatenish loiutarrak (Bizkaia) izan ziren. Euskarazko death/thrash metala ekarri zuten Bilbora, eta zale berri ugari irabazi zituzten zuzeneko labur baina potentea eskainiz.
Odd Heathenish
Hauen atzetik agertu ziren Clockwork. S.A., Kop, Infernoise eta Idi Bihotz bezalako taldeen errautsetatik jaio zen Clockwork 2010eko udan, eta Bilborocken eman zuten euren estreinako kontzertua. Roun Howlanden ahots boteretsua gidari zutelarik, thrash, hardcore eta metal nahasketa bizia erakutsi ziguten musikari handi hauek.

Clockwork
Bi talde gonbidatu hauen erakusketen ostean, pantaila handi batek hartu zuen Bilborockeko eszenatokia. Bertan, aurrerago Chuck Schuldiner omenduko zuten musikarien irudiak ikus zitezkeen, estudioan gogor lanean. Bideoa txalo zaparrada izugarri batekin amaitu zen, eta segituan hasi zen artista andana eszenatokian hartzen.


Talde desberdinetako kide ugari bildu ziren, txandaka, Schuldinerren Death taldearen abestiak bertsionatzeko. Bilborockeko taulatik igaro ziren, besteak beste, Roun Howland (Clockwork), Ina Eikhuss (Eikhuss) eta El Titus (Metal for the Crew) abeslariak, Ekaitz Garmendia (Legen Beltza), Borja Mintegiaga (Baalphegor) eta Alberto Marin (Hamlet) gitarrajoleak, Dani Aizpurua (Anestesia), Alvaro Tenorio (Hamlet) eta Andoni Bassman (Phthisis) baxujoleak eta Albaro Alonso (Clockwork) eta Rober Garcia (Denial) bateriak.

Deathen ibilbideari errepaso txukuna eman zioten musikari guztien artean, eta amaieran, guztiak eszenatokian zirela, saltoka eta guztiak batera kantuan eman zioten bukaera jaialdiari. Chuck Schuldiner bezalako artista handi bati dagokion omenaldia eman zioten musikari hauek.


No hay comentarios:

Publicar un comentario