2011-12-19

Neskak metalean

Duela gutxi egindako sarrera baten haritik jarraituz, berriz ere musikak eta itxurak duten loturarekin jarraituko dut. Zehatzagoak izateko, metalaren munduan (betiere nire iritziz) aurki ditzakegun pertsonaia -fisikoki- ederrenak erakutsiko dizkizuet.



Izan ere, ikusle askorentzat, musikak garrantzia gal dezake taldekoen itxura ez bada oso ona. Eta alderantziz, musika hain ona izan ez arren, taldekideen itxurak ikus-entzule asko erakar ditzake kontzertuetara.

Musikari ez hain ederren lista bat egitea posible izango litzateke, eta agian etorkizunean jorratuko dut gai hori, baina momentuz ez zaituztet beldurtu nahi. Hobe fisikoari begira positiboki nabarmentzen direnak erakustea, hasteko behintzat.

Sarrera honetan, neskekin hasiko naiz. Askok uste dute metala mutil tximaluzez betetako genero bat dela, eta askotan hala den arren, neska ugari aurki ditzakegu bertan. Hona hemen gehiena nabarmentzen direnak:

  • Simone Simons: ilegorri hau Epica talde holandarreko abeslaria da, 26 urte ditu eta mezzosopranoa da. Epican bere ahots garbia Mark Jansen bere mutilagun ohiaren ahots guturalekin konbinatzen du. Kuriositate gisa, modari eta argazkigintzari buruzko blog pertsonal bat du, eta bere herrialdeko Playboy aldizkarian biluzik ateratzeko proposatu zioten.

  • Cristina Scabbia: 40 urte betetzear dagoen arren, energiaz beteta jarraitzen du italiarrak. Lacuna Coil talde gotikoko abeslaria da, eta disko berria argitaratzear dauka, 'Dark Adrenaline' izenpean. Lehenengo singlearen bideoan, 'Trip the Darkness' izenekoan, erabat itxuraldatuta ikusi dugu Scabbia, Lady Gagarekin nahasteko moduan agertzen baita!

  • Alissa White-Gluz: The Agonist talde kanadiarreko abeslaria da, eta edonor izutzeko moduko ahotsa izatetik, 'Zisneen lakua' abestia a capella abestera igaro daiteke esfortzu handirik gabe. PETArekin parte hartzen du animalien eskubideen defentsan, eta Canadian Idol lehiaketako kastingera joan zen. Denborapasa, barre egiteko asmo hutsez aurkeztu zen, baina epaimahaiak parte hartzeko aukeratu zuen, jada The Agonistekin diskoa grabatzeko kontratua sinatuta zuen arren.  

  • Elize Ryd: Amaranthe taldea sortu aurretik, Kameloten hartzen zuen parte suediarrak. Talde berriarekin disko bat soilik publikatu duen arren, izugarrizko arrakasta lortzen ari da, batez ere lurralde eskandinaviarretan. Hammerfallekin biran dabiltza momentuz, eta dagoeneko baieztatu dute Wackenen izango direla 2012an.

  • Angela Gossow: 37 urteko alemaniarra ahots guturalak bakarrik erabiltzen dituen neska bakarretakoa da. Arch Enemy taldeko abeslaria da 2000. urtetik, baina sekula ez du bizitza erraza izan. Anorexia eta bulimia jasan zituen, 16 urterekin etxetik alde egin zuen, 21 urterekin pairatutako gaixotasun bategatik ia ahotsik gabe gelditu zen... baina kazetari gisa lanean zebilen bitartean Chris Amott Arch Enemyko gitarrajoleari emandako demo baten ondorioz, taldean sartzea lortu zuen. Harrezkero, guztiak txundituta utzi ditu bere ahots boteretsua dela eta, eta Metalocalyspe marrazki bizidunetako pertsonaia bati ahotsa jartzera ere iritsi da.


  • Maria Brink: In This Moment taldeko abeslariaren bizitza ere ez da arrosa kolorekoa izan beti. 15 urterekin haurdun gelditu eta etxetik joan zen bizimodua nola edo hala irabazteko asmoz. Los Angelesen zegoela, talde batek abeslaria behar zuela entzun zuen, eta audizioetara joan zen arren, neska izateagatik ez zuten hartu. Baina taldekideak txunditzea lortu zuenez, denbora gutxiren buruan taldean sar zedin eskatzera joan zitzaizkion. Harrezkero, 3 disko atera ditu In This Momentekin, eta momentu paregabeak bizitzen ari da, han eta hemen arrakastez gozatuz.

  • Floor Jansen: 33 urteko holandarra, Simone Simonsen lagun mina da. After Foreverreko abeslaria izan zen hau desegin arte, eta orain ReVamp taldeko burua da. 1,80 baino gehiago neurtzen du Jansenek, eta sopranoa den arren, guturalak egiten ere badaki.

  • Anna 'Aya' Stefanowicz: poloniarra 2006an sortutako UnSun taldeko abeslaria da. Momentuz bi disko kaleratu dituzte, baina jada famatuak egiten ari dira metal gotikoaren munduan, besteak beste, Ayaren itxuragatik.

  • Karin Axelsson: Sonic Syndicate talde suediarreko baxua da Karin 2004az geroztik. 25 urte ditu eta bisexuala dela aipatu du behin baino gehiagotan.

  • Doro: zerrenda honetako beterana dugu Doro Pesch alemaniarra. 47 urte ditu Warlockeko abeslari ohiak, eta bakarka kontzertuak ematen jarraitzen du han eta hemen. Lehen emakumeetakoa izan zen genero honetan abeslari gisa jarduten, eta luzerako soka gelditzen zaio oraindik metalaren printzesari!


Eta zuen ustez, nor dago soberan zerrenda honetan? Nor faltan? Erantzuidazue alboko inkestan! =)

No hay comentarios:

Publicar un comentario