2012-02-25

Adrenalinaz gainezka

Jada hilabete pasatu da Lacuna Coil talde italiarraren azken diskoa kaleratu zenetik, Dark Adrenaline, hain zuzen. Urtarrilaren 23an ikusi zuen argia Century Media eta EMI disketxeen eskutik, eta Cristina Scabbiaren taldearen seigarren lana da. Doinu gotiko, alternatibo eta industrialez kargaturik itzuli dira milandarrak eta hamabi kantuz osatutako lana aurkeztu digute.





Diskoa Trip the Darkness lehen singleak irekitzen du. Andrea Ferro eta Cristina Scabbiaren ahotsak sekula baino hobeto lotzen zaizkigu lan osoan zehar, abesti honetan garbi ikus daitekeen moduan. Abesti indartsua, ukitu ilunekin, eta aurreko Shallow Life diskoaren komertzialtasuna guztiz alboratuta uzten duena.

Against You teklatuaren soinu misteriotsu batekin hasten da, gitarrekin eta Scabbia andereñoaren ahotsekin jarraituz. Erritmo desberdinak tartekatzen dira abesti osoan zehar, nahasketa potente bat sortuz. Hirugarren korteak, Kill the Light izenekoak, zehazki, Karmacode laneko Closer abestia gogorarazten dit, antzeko atmosferak aurkitzen ditut bietan. Hala ere aitortu beharra dut Kill the Light askoz indartsuagoa dela, eta kantu bezala ere hobea dela esango nuke.


Give Me Something More izeneko bonba batekin jarraitzen du Dark Adrenalinek, Andrea Ferroren ahotsak irekitzen duelarik, eta laneko zatirik onenetariko bati, Upside Downi, ematen dio paso. Hemen ere Ferro jauna hasten da abesten, protagonismo guztia lortuz, eta diskoko lanik potenteenetako baten aurrean uzten gaitu.

Erritmoa galdu gabe, abesti lasaiago bat datorkigu jarraian, End of Time izenpean. Sarrera arraro xamar batekin hasten zaigu zazpigarren kortea, I Don't Believe in Tomorrow, baina laster agertzen dira lan honetan hain ohikoak diren gitarra zorrotzak, Scabbiaren melodia gozoekin elkarlanean. 

Intoxicated aukera izanez gero, lan honetako bigarren singlea izatea proposatuko nieke italiarrei. Izugarrizko indarra du abesti honek, eta bi abeslariek, Scabbiak eta Ferrok, euren ahotsei zuku guztia ateratzea lortu dutela esango nuke, konbinazio txundigarri bat sortuz.

Bederatzigarren lekuan dator The Army Inside, Andrea Ferroren gerrarako oihu eta guzti. Ondoren, Losing my Religion entzunda, zur eta lur utzi gaituzte italiarrek. Karmacode lanean Depeche Mode britainiarren Enjoy the Silence abestiaren bertsioarekin garbi utzi zuten bezala, coverrak egiteak ez die aparteko zailtasunik suposatzen Lacuna Coileko kideei, eta R.E.M. bezalako talde mitiko bat bertsionatzera ausartu dira oraingoan. Baita asmatu ere, lan txukuna burutu baitute.



Diskoari amaiera emateko, Fire eta My Spirit korteak aurkeztu dizkigute milango gotikoek. Lehenengoa oso abesti zuzena da, ukitu industrialekin; bigarrena, aldiz, askoz lasaiagoa da, espiritualagoa, nolabait esateko, izenburuari aipamen eginez. Zati irakurri bat ere badu, italiarrez, zehazki, eta diskoari amaiera emateko aparteko abestia da.


Orokorrean, bere aurrekari Shallow Life lanarekin alderatuz, disko bikaina dela esango nuke; bere esentziara itzuli da Lacuna Coil, aurrez aipatutako komertzialitatea alde batera utzi eta gehien gustatzen zaiena eginez: musika ona, hain zuzen. Puntuazioa eman beharko banio, BEDERATZI bat emango nioke Dark Adrenalineri. Orain zuzenekoetan disko honen potentziala erakustea baino ez zaie gelditzen Scabbia eta bere mutilei!



Testua: Aintzane Larrañaga / Argazkiak: Katja Kuhl (Thrash Hits)

No hay comentarios:

Publicar un comentario