2012-02-06

Hamaika ikusteko jaioak gara

Mundu hau bitxikeriaz josita dago. Itxura arruntena duten elementuek ere istorio harrigarriak ezkuta ditzakete atzean. Rockaren munduak hainbat datu bitxi uzten dizkigu sarritan, baita abestiak sortu eta, milaka, milioika pertsonen belarrietara iristeaz arduratzen diren artistek ere. Apunte kurioso eta arraro franko aurki ditzakegu: legearekin arazoak, famili kontuak, ebakuntzak... 

Hona hemen zerrenda amaigabe bateko istorio xelebreenetako batzuk.

Hayley Williams  (Paramore)  Dave Mustaineren (Megadeth) iloba txikia da. Hala adierazi zuen Williamsek 2006an egindako elkarrizketa batean. Osaba Mustaine oraindik ez da mintzatu gaiari buruz, baina zurrumurruek diotenez, ez omen zaio asko interesatzen bere ilobak musika munduan daraman ibilbidea. Ez ote du ba bere estiloa gustoko? Bakoitzak bere aldetik bada ere, musikaren munduko osaba-iloba ilegorrienek arrakasta izugarria lortu dute euren taldeekin.


Def Leppard taldeko Rick Allen bateriak beso bakarra dauka. 1978an sartu zen talde ingelesean, bere amak kalean iragarki bat ikusi ostean (amak eman zuen Allenen izena bateria aurkitzeko kastingerako). 1984ean, ordea, auto istripu baten ondorioz, besoa moztu behar izan zioten. Ebakuntza ugari egin arren, ezinezkoa izan zen besoa berriro txertatzea. Hala ere, Allenek ez zuen etsi; bateria berezia egin zioten, beso bakarrarekin jo ahal izateko, eta gaur egun oraindik Def Leppardekin jarraitzen du munduan zehar kontzertuak eskaintzen.


Slash Poison taldean sartzeko kastingean baztertu egin zuten, itsusiegia zelako. Saul Hudson, Slash bezala ezagunagoa, AEBetako Poison glam metal bandako Matt Smith gitarrajole ohiak gomendatuta, taldeko partaide berria izateko kastingera aurkeztu zen. Taldekide guztiak txundituta geratu ziren Slashek gitarrarekin zuen abileziarekin, baina itsusia zela eta, kastingetik kanpo utzi zuten, ongi orraztutako eta makilatutako mutiko bat hautatuz.
Hain gaizki geldituko al ziren diskoen azalak Slashekin?

AC/DC Australiako eszenatoki batetik bota zituzten. 1974ko udan, Deep Purplek Australian egin zuen bira, besteak beste, Sunbury Festivalean kontzertua eskaintzeko. David Coverdaleren taldearen emanaldia amaitzean, gazte ezezagun batzuk eszenatokira igo, eta Deep Purpleren instrumentuak erabiliz, kontzertu bat ematen hasi ziren. Jendea erotu egin zen, eta segurtasuneko taldeek gazteak eszenatokitik atera zituzten. Urte batzuk geroago, mutiko haiek beraiek ezagunak egin ziren mundu osoan zehar, AC/DC izenpean.


Emperor, arazoetan legearekin. Norvegiako black metal taldeak, genero honetako talde gehienek bezala, ez du inongo arazorik polemika sortzeko garaian. Honela, 1993an, taldeko 3 kide kartzelaratu zituzten: Samoth (bateria eta gitarra), Varg Vikernesen laguntzaz elizak erretzeagatik; Tchort (baxua), lapurretak eta erasoak egiteagatik; eta Faust (bateria), homosexual bat hiltzeagatik.


Emperorren genero berdinekoei eutsiz, Venom talde klasikoa dugu hizpide. Izan ere, irrati bidezko elkarrizketa batean, homosexualei buruz zuten iritziagatik galdetu zien kazetariak. Erantzuna? irratia txikitu zuten. Bestalde, ezaguna da Dead, Mayhemeko abeslari ohiak, kontzertuetarako erabiltzen zituen arropen trataera bitxia. Emanaldiak baino aste batzuk lehenago, bere arropak lurperatzen zituen, kontzertuak 'heriotzaren esentziaz inguratuta' eskaintzea atsegin zuelako.



Slipknoten muturreko ospakizunak.  Iowako taldea ezaguna da elkarri eragindako lesio eta golpeengatik. Eta ospakizunetan ere ez dira atzera begira geratzen. 1999an kaleratutako Slipknot diskoa Roadrunner Records disketxearen historian gehien saldu zena izan zela ohartu zirenean, festa handi bat antolatzea pentsatu zuten, salmenten arrakasta ospatzeko. Baina badirudi alkohol gehiegi izan zutela tarteko, taldeko bi kidek ospitalean amaitu baitzuten gaua.



Iron Maidenen maskota, Eddie, Vietnameko gerrako irudi batean inspiratuta sortu zen. Derek Riggs marrazkilariak kontatu zuenez, Guadalcanalko gudan ateratako argazki bat izan zen inspirazio iturri gaur egun mundu osoan ezaguna den irudia sortzeko. Argazki horretan ikus zitekeenez, soldadu estatubatuarrek hildako japoniarren buruak jartzen zituzten tankeetan, adornu gisa. Honela, euren aurkarien aurrean nagusitasuna erakutsi nahi izaten zuten. Ideia honetatik sortu zen Eddie the Head, egun Eddie dena.
Eddie inspiratu zuen argazkia, eta emaitza

Dimebag Darrellen desioetako bat bete zen bere hiletan. 2004ko abenduan zeremonia pribatu batean agurtu zuten Pantera eta Damageplan taldeetako gitarrajolea. Bertan izan ziren, besteak beste, Tommy Iommi, Gene Simmons, Paul Stanley, Dave Mustaine, Eddie Van Halen, Zakk Wylde, Jerry Cantrell, Rob Zombie eta Ozzy Osbourne. Van Halenek, gainera, detaile berezia izan zuen lagun hil berriarekin; izan ere, behin baino gehiagotan aipatu omen zion Darrellek sekula ikusi zuen gitarrarik ederrena, bere gustokoena zela Van Halenen gitarra hori-beltz famatua. Horregatik, Eddie Van Halenek lagunaren gorpuaren alboan utzi zuen bere gitarra, eta halaxe lurperatu zuten Dimebag Darrell handia.



Gene Simmonsen mihia. Kiss taldeko baxua zerbaitegatik ezaguna bada, besteak beste, bere mihiagatik da. Zehazki, mihi luze xamarra duelako. Honek, nola ez, zurrumurru ugari sortu ditu urteetan zehar. Horien artean zabalduenak (eta maltzurrenetakoak, era berean) zioen ebakuntza bat eginda, behi baten mihia txertatu ziotela, eta horregatik duela hain mihi luzea. Simmonsek hamaika aldiz ukatu duen arren, zurrumurruak ez dira inoiz isildu. 



Judas Priest eta Julio Iglesias, lagunak? Ian Hill baxuak aldizkari bati kontatu zionez, 1985ean, Judas Priest talde britainiarra Bahama irletara joan zen 'Twin Turbo' diskoa grabatzera. 'Prisoner of your eyes' abestia grabatzen ari zirela, alboko estudioan Julio Iglesias omen zegoen lanean, eta Rob Halford abesti hura kantatzen entzun zuenean, izugarri gustatu omen zitzaion, eta abesti hura berak kantatzea nahi zuela esan omen zien estudioko langileei. Momentuz ez dute kolaboraziorik egin, baina anekdota kuriosoa iruditzen zaie heavy ingelesei.



No hay comentarios:

Publicar un comentario