2012-03-27

“Argazkien bidez neure mundua jendeari erakutsi nahi diot"

Xanti Rodriguez (Azpeitia, 1978) ez da jendaurrean aritzeko beldur. Argazkilaria izateaz gain,  heavy metal talde bateko abeslaria ere bada. Bere lantokian, 'Angel' argazki-dendan, izan gara solasean eta bere argazkiez, musikaz eta 'Sinde' legeaz aritu zaigu.


Ilustrazioa eta Komikia ikasi zituen Bartzelonan 1995 eta 1996 urteetan, eta aitari argazki-dendan laguntzen hasi zen 2000. urtean. Orduan konturatu zen argazkilari izan nahi zuela, eta, harrezkero, argazkiak dira bere mundua, lagunekin sortutako Legen Beltza metal taldearekin batera.



Zerk betetzen zaitu gehiago, argazkilaritzak ala musikak?
Biek. Egun argazkilaritzan sartuago nago, egunero argazkiak ateratzen aritzeaz gain, konferentziak ere ematen baititut. Momentu honetan, musika baino garrantzitsuagoa da, baina ezin dezaket esan musikak ez nauenik %100 betetzen; izan ere, kontzertuetara joaten naizenean izugarri gozatzen dut. Niretzat musika entzute soila gozamen bat da. Beraz, fifty-fifty; biak aukeratuko nituzke.


Photoshop programa asko erabili ohi duzu zure argazkiekin, eta kurtsoak ere eman dituzu honen erabileraren inguruan. Zenbaterainoko garrantzia du argazkilari baten lanean?
Gaur egun, izugarria. Garai batean, argazki bat atera eta laborategian doikuntza txiki batzuk soilik egin zitezkeen. Gaur egun, ordea, gizartea ohituta dago photoshop-en erabilerara. Baina hori apur bat faltsua ere bada; izan ere, argazki txar bat ateratzen baduzu, horrekin ez da dena konpontzen. Benetan ere argazki ona atera behar da photoshop-ekin emaitza onak lortzeko. Niretzat oso garrantzitsua da, ezingo nuke bizi erabili gabe, gehienbat infografiak eta muntaiak egiten baititut.


Zure argazkiei esker sari mordoa irabazi duzu, baita 2011ko Goya sarietarako izendapen bat ere. Nola erreakzionatu zenuen honen berri izan zenuenean? Espero al zenuen?
Zeharo ezustean harrapatu ninduen. Sekula ez dakizu zure argazki bat horrelako ekitaldi handi batean izendatua edo saritua izango ote den, eta Goya sarietarako izendapenaren berri izan nuenean, efusibitatez hartu nuen, ez bainuen sinesten. Gero, irabazi ez arren, hor beste mundu bat irekitzen dela ikusten duzu, eta bertan sartzeko gai zarela.


Argazkilari bezala, zein helburu dituzu zure lanetan?
Niri asko gustatzen zait egiten dudana. Nire nahia nire mundua iruditan plasmatzea da, bai nire lan pertsonaletan, baita nire bezeroei egin beharrekoetan ere. Hala ere, bezeroak ideiak argi baditu, esaten didan moduan aterako diot argazkia, azkenean berak nahi duena emateagatik ordainduko baitit. Baina nire lan pertonaletan, nire mundua jendeari erakustea da nire helburua.


Argazkilariaz gain, musikaria ere bazara, Legen Beltza taldeko abeslaria, hain zuzen. Nolatan bururatu zitzaizun metal estiloko talde bat sortzea?
Betidanik gustatu izan zait musika gogorra, eta, 18 urterekin, argazkilaritzan sartu aurretik, lagunekin bertsio batzuk jotzen nituen. 1998an maketa bat grabatzea erabaki genuen, eta Tolosako estudioetan burutu genuen lana. Ez genekien zenbaterainoko garrantzia izango zuen horrek, baina gero ikusi genuen, aurrera gindoazen heinean, jendeari gustatu egiten zitzaiola gure lana, eta horrek lanean jarraitzeko behar genuen bultzada eman zigun.


Azken disko honetan, azala eta barruko diseinua zeuk egin dituzu. Zertan inspiratu zara horretarako?
Indar handiko izena dauka: Need to Suffer, sufrimenduaren beharra, alegia. Hasieran zirriborro batzuk egin nituen, ideiak pilatzeko. Honela, kutxa bat diseinatu nuen, antzinako gas kamerak oinarritzat hartu eta beldurrezko film klasikoen estetika jarraituz. Ideia horrekin, Bartzelonara joan nintzen argazki sesio bat egitera, eta modelo profesional baten laguntzarekin, diskoaren azalerako nahiz barruko liburuxkarako argazkiak ateratzea lortu nuen.



Estudioa alde batera utzita, zein da zuzeneko emanaldi batean pasa duzun momenturik onena?
Dudarik gabe, 2005. urtean Festimad eta Lorcarock jaialdietan jo genuenekoa. Lorcarock-en Iron Maiden izan genuen alboan, eta, Festimad-en, aldiz, Marilyn Manson eta Slayer taldeak. Guretzat, hara [Murtziara] joan, eszenatokira igo eta 5.000 pertsona guri begira izatea izugarria izan zen. Ez dugu esperientzia hura sekula ahaztuko.


Artista zaren aldetik,  polemika handia sortu duen Sinde edo deskargen aurkako legearen berri izango duzu. Zer iritzi duzu honen inguruan?
Niri ongi iruditzen zait deskargak egitea; guk, adibidez, gure kantak sarean jartzen ditugu, eta jendeak gure abestiak ezagutzeko era egokia dela uste dut. Hala ere, libreki deskargatu beharrean, jendeak donazio boluntarioak egiteko aukera izan beharko lukeela deritzot; disko osoa lortzeko aukera eman beharko genioke publikoari, baina berak nahi duen prezioan. Badirudi 50 zentimo gutxi direla, baina jende asko baldin badago disko baten truke prezio hori ordaintzeko, taldearentzat diru laguntza handia lor daiteke.


Bukatzeko, non ikusten duzu zeure burua etorkizun hurbil batean? Baduzu proiektu berririk martxan?
Argazkilaritzan eta infografietan ikusten dut neure burua, editorial batzuk egiten edota publizitate mailan lan egiten. Bestalde, musikan ere aurrera jarraitzeko asmoa dut, eta gutxienez beste disko bat behintzat kaleratzea gustatuko litzaidake. Garrantzitsuena nire argazkilari ofizioa izango da, baina musikak ere hortxe jarraituko du.

No hay comentarios:

Publicar un comentario