2012-03-08

Iluntasunean argi izpiak sartzeko nahia

Guztiok dakigu metala ez dela musika estilo bat eta bakarra; ia kontaezina da bere barnean hartzen dituen azpigenero kopurua: thrash, vikingoa, folka, death, power, black, metalcore, deathcore, sinfonikoa, gotikoa... Eta zenbakia haziz doa, egunero asmatzen baitia forma berriak, lehendik sortuak zeuden estiloak nahasiz edo buelta emanez. Buelta emate horretatik sortu da, besteak beste, Unblack metala. Bai, ongi irakurri duzue, Unblack metal izeneko estiloa existitzen baita. Baina zertan datza, zehazki?




Hasteko, black metala zer den jakin behar dugu. Genero hau 80. hamarkadan sortu zen Europa iparraldean, eta oraindik ere penintsula eskandinaviarrean du ospe gehien, batez ere Norvegian. Venom taldearen izen bereko diskoak jarri zion estiloari izena, eta metalaren barneko estilo extremoenetakoa da. Melodia gogor, azkar eta ilunak ahots gutural baxu nahiz altuekin konbinatzen dira orokorrean. Letrei dagokienez, kristautasunaren eta moralitatearen kritikak izan ohi dira, baita gorrotoa, indarkeria, guduak eta abarri buruzkoak ere. 



King Diamond abeslaria
Itxura aldetik, oso ohikoa da taldeetako kideek aurpegia nahiz gorputza zuri-beltzez margotzea; estilo honen aitzindaria Mercyful Fate taldeko abeslaria, King Diamond izan zen, eszena honetan hark margotu baitzuen lehen aldiz aurpegia aipatutako koloreekin. Janzkera aldetik, beltza da nagusi: estilo bereko taldeen kamisetak, gurutze alderantzizkatuak, metalezko pintxodun besoko eta lepokoak...

Christianity was created by some decadent and degenerated romans as a tool of oppression, in the late roman era, and it should be treated accordingly.                                      -Varg Vikernes
Varg Vikernes

Hau guztiaz gain, black metal mugimendua zerbaitegatik egin bada famatu mundu osoan, hori elizen erreketa izan da. Generoaren barneko pertsonaia ugarik aitortu dute kristautasunari dioten amorru eta gorrotoa, eta erlijio hori desegin asmoz, Norvegian batez ere, elizak erretzeari ekin zioten askok. Kasurik ezagunena Varg Vikernesena dugu. 
Mayhem

Black metalaren historiako talde famatuenak, ziurraski, MayhemCeltic Frost, Burzum eta Emperor dira.




Hau guztia oinarritzat hartuta, 1990. urte inguruan Eskandinavian sortu zen Unblack metal izeneko mugimendua. Funtsean aurretik aipatutako ezaugarri oso oso antzekoak ditu: margo zuri-beltzak, melodia astunak, ahots guturalak... aldaketatxo batekin: kristautasunaren apologia egiten duten letrak dituzte.  

Satanen aurkako metala, metal zuria, edo metal kristaua ere deitu izan zaio genero honi, berez ez baititu musika beltza egiten duten taldeak soilik barne hartzen: kristautasuna zabaltzeko asmoa duten talde gotikoak, brutal death metala egiten dutenak, eta doom estilokoak ere bertan biltzen dira.

Frost Like Ashes, Unblack metal estiloko talde garrantzitsuenetakoa egun
Estilo honen sorreran, abesti gehienek satanismoaren aurkako letrak soilik izaten zituzten; geroago, filosofia gehiagorekin jokatzen hasi ziren hitzak idazterako orduan, eta sarritan Bibliako pasarteak ere erabili izan dira. Talde ezagun edo garrantzitsuenak Frost Like Ashes, Horde, Holy Blood eta Vaakevandring ditugu.

2 comentarios:

  1. Black metalaren parodia ere genero bat bihurtzera iritsi da, hau adibidez:

    http://www.youtube.com/watch?v=Nh8CfWEnSJ8

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Oso onaa! baina uste dut parodia hori baino "benetazko" bideo okerragoak ere badaudela, honats okerrenak
      http://www.youtube.com/watch?v=g5NSvtWirS4

      Eliminar