2012-03-13

"Oso minduta nago kazetaritza munduarekin, bene-tako kazetari gutxi ikusten ditut"


Aintzane Larrañaga

Irrati uhinei esker, Ataunetik (Gipuzkoa) atera eta Euskal Herriko etxe guztietan sartzea lortu du Joseina Etxeberriak. Musikarekin duen loturagatik egin da famatu, baina ez du sekula baztertu bere kazetari sena, eta gaur egungo egoeraz eta erreferentzia faltaz "kezkatuta" dagoela aitortu du.


Bestalde, edonork esango luke gizon berritsua dela Etxeberria. Kontraesana da, beraz, hark bere burua "lotsatia" eta "isila" bezalako hitzak erabiliz definitzea. Gaztea irratian daramatzan 21 urteek, ordea, izugarrizko eskarmentua eman diote ataundarrari, eta bistan da denbora horretan bere lotsati izaera ezkutatzen oso ongi ikasi duela. Ondoko elkarrizketan esatari gisa nahiz bestelako lanetan duen esperientziaz eta kazetaritzaren egoeraz mintzatu zaigu.

  • Kazetaritza ikasia zara. Zein izan zen zure lehen lana kazetari gisa?
Nire arrebak kazetaritza ikasi nahi zuen, baina duela 25 urte arraroa zen emakumea unibertsitatera joatea, eta amak ez zion utzi. Orduan, niri ikasketa horiek burutzeko gogoa piztu zitzaidan, eta Bilbora joan nintzen ikastera. Bigarren mailan nengoela, klasekide batzuk esan zidaten Bilboko irrati libre batzuetan esatariak behar zituztela, eta Gramola irratian hasi nintzen lanean. Gabonetan, etxera itzuli nintzenean, amak aipatu zidan Euskadi Irratian jende gaztea eskatzen zutela musika aurkezteko, eta deitu egin nuen. 1989an proba batzuk egin zizkidaten, eta, hilabete batzuk geroago, ikasketak alde batera utzi gabe, Gaztea irrati sortu berrian esatari lanetan hasi nintzen.

  • 2007an hasi zinen Dida saioa aurkezten, eta bertan albisteak, musika eta umorea uztartzen 
    dituzue. Nola prestatzen da gisa honetako saio bat?
Argazkia: Dani Blanco
Orain dela 5 urte inguru hasi nintzen Dida aurkezten, eta irratian inoiz egin dudan gauzarik konplikatuena da. Informazioa emateaz gain, umoreari ere garrantzi handia ematen diogu, eta hori oso elementu arriskutsua da. Izan ere, txiste bat egitean motz gelditzen bazara, jendeak 'gizarajoa' zarela pentsa dezake; era berean, gogor samarra izaten bazara, norbait mindu dezakezu. Bestalde, irrati publiko bat garenez, denen laguna izan behar dugu, eta hori oso zaila da. Saioaren prestaketari begira, ez dugu gidoi idatzirik erabiltzen, jorratu beharreko gaien eskaleta bat baizik. Hortik aurrera inprobisazioa da nagusi, baita musika aukeraketan ere.

  • Dida saioaren inguruan jarraituz, jende asko harritzen da zure lankide Jon Gotzonen hizkera "bereziaz". Irratitik kanpo ere horrelakoa al da?
Ezta pentsatu ere. Mikel izeneko aktore hernaniar bat da, euskaldun peto-petoa, eta Jon Gotzonen paperaz gain, beste pertsonaia batzuk ere egiten ditu saioan: Jon Baztarrika, Julian Erantzi medikua, Modú Touré afrikarra... Hasiera batean oso kritikatua izan zen erdarakadak eta euskal kulturari kritikak zirela eta, baina pertsonaia hori gure aldetik probokatua da. Euskaldunok askotan geure burua errespetatu eta euskaldun ez direnei egurra ematen diegu, eta kanpoko norbaitek guri egurra emateko asmoz sortu genuen Jon Gotzonen irudia.

  • Telebistan eta prentsa idatzian ere hainbat lan egin dituzu, baina irratiagatik zara ezaguna. Zer du irratiak beste hedabideek ez dutena?
Momentuz, irratian sentitzen naiz erosoen, bizitza erdia bertan baitaramakit. Telebistan, esate baterako, kamera operadorearekin eta errejidorearekin bakarrik egin izan ditut programak, baita plato batean 100 lagun ingururen aurrean ere. Bigarren atal horretan ez naiz batere eroso sentitzen, ez daukat irratian edo plato txiki batean aritzeko dudan segurtasuna. Prentsa idatzian, aldiz, eroso nago, baina lana askoz pausatuagoa da; irratia eta telebista askoz biziagoak dira, zerbait esan orduko erantzuna jasotzen baituzu, eta niri hartzailearekin elkar eragitea gustatzen zait.

  • Bistan denez, erraztasun handiz hitz egiten duzu. Betidanik izan al zara berritsua?
Nik esango nuke isil samarra naizela. Ez naiz oso pertsona hiztuna, eta lagunartean ere inoiz ez naiz saltseroenetakoa izan. Gertatzen zaidana da gauza pila bat etortzen zaizkidala burura, eta ezin dudala tarterik topatu guztia kontatzeko. Gainera, ez dut ikusten zer den interesgarria eta zer ez, beraz, guztia kontatzen dut, eta badirudi beti hitz egiten ari naizela [kar, kar]. Azken urteotan, hala ere, herabetasun hori gainditu dut. Dena dela, beti izan naiz apur bat lotsatia.

  • Bai irratian eta baita Diskojaia proiektuan izandako esperientzia luzea eta gero, hamaika xelebrekeria biziko zenituen...
Bai, anekdotak milaka ditut. Ez zait sekula ahaztuko, ordea, irratiko lehenengo urtean gertatu zitzaidana. Garai hartan, goizeko 7etatik gaueko 10etara emititzen zuen Gazteak, eta amaitzean, estudioa itxi eta Euskadi Irratiarekin konektatzen genuen, estudioan entzuten zen dena ezabatu eta zuzenean Euskadi Irratiko emisioa entzuten jarraitzeko. Momentu hori gauza batzuk estudioan grabatzeko edo mahaiak garbitzeko aprobetxatzen genuen. Mahaia garbitzen ari nintzen batean, koadrilako lagun batek deitu zidan asteburuan Andorrara joateko planak egiteko. Une berean, beste telefonora beste lagun batek deitu zidan arrazoi berdinagatik, eta bolumena igo nien telefonoei, mahaia garbitu bitartean biekin batera hitz egin ahal izateko. Bat-batean, teknikari bat etorri zitzaidan ea zer gertatzen zen galdezka, Euskadi Irratian musikaren gainetik 3 lagunen elkarrizketa entzun zitekeela eta. Kasualitatez, aurreko egunean konponketa batzuk egiten ibili omen ziren eta zerbait gaizki egin zutenez, estudioko ahotsak ez ziren erabat ezabatzen, beste egunetan bezala. Beraz, mundu guztiak gure asteburuko planen berri izan zuen, eta bueltakoan, gainera, Goardia Zibilek gelditu gintuzten aduanan eta Andorran erositako dena berriro ordaindu behar izan genuen, irratian entzun baitzuten zer eta noiz erosteko asmoa genuen. 
Argazkia: bizkaie.biz

  • Zure lan guztietan, beti musikari lotuta agertu izan zara, bai irratian, bai  prentsan, baita telebistan ere, E-klipse saioaren aurkezle gisa. Imagina al dezakezu zure bizitza musikarik gabe?
Ez, ez da posible. Gainera, lanetik etxera itzulitakoan ere, musika entzuten jarraitzen dut. Baina irratian erabiltzen dudan musika ez da gero nik etxean entzuten dudan berbera. Bestalde, irratian ez duzu musika plazerez entzuten, beste ardura batzuk baitituzu: abesti bat bukatzen ari da, beste bat sartu behar dut, tartean denbora soberan gelditzen zait... Oso zaila da gero etxean abesti berdinekin gozatzea. Orokorrean, ordea, berdin zait zer entzun. Lehenago ikusten dut neure burua irratitik, telebistatik edota kazetaritzatik kanpo musikatik kanpo baino. Niretzat lehendabizikoa musika da; oso barnean daramadan arren, musikarekin konparatuz, kazetaritza bigarren mailakoa da.

  • Bukatzeko, kazetaria zaren aldetik, ze aholku emango zenioke kazetaritza ikasten ari den gazte bati?
Ni oso minduta nago kazetaritza munduarekin; benetako kazetari gutxi ikusten ditut. Askotan hitz egiten dut, adibidez, atzerrian lan egiten duten Olatz Arrieta eta Xabier Colladosekin, eta haiek ere harrituta daude kazetaritzarekin gertatzen ari denarekin, kazetaria, figura bezala, pikutara joan dela baitirudi. Jada ez da kazetaritzarik egiten, orain propaganda, zikinkeria botatze hutsa egiten da. Lan egiten duzun hedabidearen arabera, zeinen alde eta zeinen aurka egin behar duzun jakin behar duzu. Gainera, albisteak izugarri puzten dituzte, hilabeteak ematen dituzte albiste berdinarekin gora eta behera, benetan albiste izan daitezkeen beste gauza batzuk erabat estaliz. Garai batean esaten zen albiste baten aurrean objektiboa izatea ezinezkoa zela, subjektibotasun puntu bat beti sartzen baita. Baina gaur egun egiten dena ez da subjektiboa, albiste batetik nahi dena kontatzea baizik. Oso desengainatuta nago kazetaritza munduarekin, eta askotan pentsatzen dut honek ez duela inongo zerikusirik nik kazetaritzaren inguruan neukan ikuspegiarekin. Gainera, asko arduratzen nauen gauza da informazioa bera, zer sinestu dezakezun eta zer ez; erreferentziarik ez baduzu, ez baitakizu zer sinetsi eta zer ez. Orduan, egoera latz honen aurrean eman dezakedan gomendiorik onena gure jarrera eta pentsakera edo ideologiatik gertuen egon daitekeen hedabide batean lan egitea da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario